Krisi ekonomikoa hasi zenetik, hainbat enpresak Enplegu Erregulazio Espedienteak (EEE) eskatu dituzte, eta Gobernuak haietariko batzuk onartu baditu ere, asko ukatu egin ditu. Egungo egoerari kalte nabaria egin dion erabakia da, batez ere langileen ikuspegitik, baina ezinbestekoa edo nahitaezkoa da enpresarientzat.
Azken hilabetean, EAEn bi enpresaren espedienteak izan dira eztabaidatuenak edo ospetsuenak, Bizkaian gauzatutakoak, hain zuzen ere.
Panda Security eta Arcelor
Alde batetik, Panda Security ordenagailuentzako Bilboko antibirus enpresak 128 langile kaleratzeko enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du. Dosierrak Bilboko egoitzan dauden 120 langileri eragin die; gainerako zortzi kaleratuak Madrilgo egoitzakoak dira.
Antibirus enpresak hartutako azken erabakiek, ordea, ez diete langileei bakarrik eragin. Izan ere, lan espedientea aurkeztearekin batera, Juan Santana enpresako kontseilari ordezkaria kargutik kentzeko erabakiaren berri ere eman du Pandak.
Bestalde, Arcelor Mittal enpresak aldi baterako etengo du bere ekoizpena bi lantegitan, Madrilgoan eta Sestaokoan. Arcelorrek uztailean aurkeztu zuen lan erregulaziorako espedientea, eta orain arte ez dute espediente hori indarrean jarri. Enpresako arduradunek diotenez, erabakia nahitaez hartu behar izan dute, eskaera nabarmen jaitsi delako.
Momentuz, aldi baterako itxiera izango da, eta datorren urtearen hasieran berriro aztertuko dute egoera. Hortaz, lan-etenaldiak bi hilabete iraungo du. Guztira, neurriak 700 langilerengan izango du eragina, horietako 400 Sestaokoak.
Araban (Daewoo edo Mercedes Benz) eta Nafarroan (Volkswagen) ere mota honetako murrizketa entzutetsuak izan dira azkenaldi honetan.






Azken komentarioak