Hegazkingintza alorreko sektoreak eta negozioak momentu oparoa bizi dute; enpresa asko egungo krisian murgilduta egon arren, beste batzuek egoera hau aprobetxatu dute, batez ere hegazkingintza atalekoek, %5 eta %6 arteko hazkundea izan duen sektorea baita. Esan beharra dago hori ITP euskal enpresaren kasua izan dela, esaterako.
ITP taldeak, sektorearen aurreikuspen positiboak eta emaitza oparoak ardatz izanik, datozen bost urteetan 500 milioi euro inbertituko ditu bere salmentak bikoizteko helburuarekin; hots, 2015ean 1.000 milioi euro eskuratzea da ITPren xedea.
ITPren emaitzak eta aurreikuspenak
Gauzak horrela, ITPko zuzendari nagusiak, Ignacio Mataixek, helburuak eta iragarpenak ezagutzera eman ditu. Lan plantillari begira, Mataixek dio “aurreikuspenak betetzekotan, %15 eta %20 artean igo daitekeela bost urteko epe horretan”. Dena dela, Zuzendari nagusiak argitu du kontratazioak ez direla emango ingeniaritza sailean; ematekotan, ekoizpen edo mantenimendu alorretan izango lirateke.
Zehazki, ITP 2.650 langile dituen enpresa da; horiek guztiak 17 ekoizpen-zentrotan sakabanatuta daude, egoitza nagusia Zamudion dagoelarik. ITPk nazioartean ere badu presentzia, besteak beste: Erresuma Batuan, Maltan, AEBetan edo Mexikon.
Joan den urteko emaitzei dagokienez, ITPk 479 milioi euroko salmentak izan zituen. Horren harira, Mataixek argitu du balantzea oraindik ez dela itxi, “baina etekinak aterako ditugu eta fakturazioan hazkunde arina ere nabarituko dugu”, azaldu du konpainiako zuzendariak.






Euskal enpresek nazioartean inbertitzea seinale on da, nazioartekotasunaren alde apustu egitea garrantzitsua baita. Halere, hemengo ekonomia eta ekoizpena albo batera utzi gabe
Por: Karlos el febrero 15, 2011
a las 5:57 pm