Aurtengo lehenengo hiruhilekoan bai esportazioen, baita inportazioen prezio unitarioak ere jaitsi egin dira, Eustaten datuen arabera. Aldagai biak alderatuz, inportazioen prezioen jaitsiera handiagoa izan da (%9,7) esportazioena (%3,5) baino, joan den urteko emaitzen aldean. Aldiz, datuak aurreko hiruhilekoko emaitzekin alderatzen baditugu inportazio prezio unitarioen jaitsiera handiago izan dela ikusiko dugu, %10,9ko beherakada hain zuzen ere. Esportazioen kasuan, jaitsiera ere handiagoa izan zen, %4,7koa.
Bestalde, helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari dagokionez, esportazio prezioaren urte arteko jaitsiera ondasun-mota guztietan gauzatu da. Jaitsiera handiagoa izan da sektore batzuetan (ondasun eta kontsumokoetan, adibidez) beste batzuetan baino (kapitalekoetan).
Behin gehiagotan, inportazio prezio unitarioaren jaitsiera handiagoa izan da, tarteko ondasunen prezioen jaitsierak eraginda. Hauek, berriz, tarteko produktu energetikoen inportazio prezioen atzerakada nabarmenaren mende izan dira.
Eremu geografikoak
Balio Unitarioen Indizearen datuak lurraldeetan banatu ostean, emaitzak desberdinak dira. Adibidez, 2009ko lehenengo hiruhilekoko esportazio prezio unitarioak, joan den urteko hiruhileko berekoen aldean, txikiagoak izan dira eremu guztietan. Prezio jaitsiera txikiagoa izan da 27-EBean (%2,5) eta ELGEn (%2,6). Berriz, inportazio prezioen jaitsierak, urte arteko tasetan, orokorrean nabariagoak izan dira eremu guztietan, batez ere 27-EBean (%5,2) eta ELGEn (%6,1).
Aurreko hiruhilekoaren aldean, inportazio prezioen jaitsierak antzekoak eta orokorrak izan dira eremu geografiko guztietan.






