Cidetec-IK4k zentro teknologikoak Greenlion proiektu europarra koordinatuko du, litio-ioizko bateria ekologikoak eta merkeagoak garatzeko. Europa buru izatea auto elektrikoentzako bateria jasangarrien industriaren alorrean xedea da.

Pixkanaka merkaturatzen ari diren bateriak dira kotxe elektrikoen funtsezko elementuetako bat. Izan ere, energia metatzeko gailu horien araberakoa da, neurri handi batean, ibilgailu elektrikoen autonomia; baita kostuen murrizketa eta ingurumenaren zaintza ere. Testuinguru horretan, litio-ioizko bateriak dira industrian etorkizun oparoa izan dezaketen aukeretako bat, energiaren metatzearen alderdiari dagokionez.

Greenlion proiektua azaroan abiarazi dute, eta lau urte barru amaituko dute. Proiektuaren helburuen artean hurrengoak daude: eraginkortasun handiagoa, prezio baxuagoa eta, ingurumenari dagokionez, jasangarritasun handiagoa lortzea baterien ekoizpen-prozesuan, gela unitatetik azken produkturaino.

Teknologia eta instalazioa

Bestalde, Cegasa euskal enpresak aurrerapen teknologiko horiek guztiak Gasteizko instalazioetako baterien etorkizuneko ekoizpen-lerro batean txertatuko ditu.

Baterien moduluen diseinua eta ekoizpena hobetzea ere badute helburu. Izan ere, bateria horiek arinagoak izatea eta errazago desmuntatzeko modukoak izatea nahi dute, konpondu behar diren kasuetarako. Hobekuntza horrek osagaien birziklatzea erraztuko du.

Krisi ekonomikoa hasi zenetik, hainbat enpresak Enplegu Erregulazio Espedienteak (EEE) eskatu dituzte, eta Gobernuak haietariko batzuk onartu baditu ere, asko ukatu egin ditu. Egungo egoerari kalte nabaria egin dion erabakia da, batez ere langileen ikuspegitik, baina ezinbestekoa edo nahitaezkoa da enpresarientzat.

Azken hilabetean, EAEn bi enpresaren espedienteak izan dira eztabaidatuenak edo ospetsuenak, Bizkaian gauzatutakoak, hain zuzen ere.

Panda Security eta Arcelor

Alde batetik, Panda Security ordenagailuentzako Bilboko antibirus enpresak 128 langile kaleratzeko enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du. Dosierrak Bilboko egoitzan dauden 120 langileri eragin die; gainerako zortzi kaleratuak Madrilgo egoitzakoak dira.

Antibirus enpresak hartutako azken erabakiek, ordea, ez diete langileei bakarrik eragin. Izan ere, lan espedientea aurkeztearekin batera, Juan Santana enpresako kontseilari ordezkaria kargutik kentzeko erabakiaren berri ere eman du Pandak.

Bestalde, Arcelor Mittal enpresak aldi baterako etengo du bere ekoizpena bi lantegitan, Madrilgoan eta Sestaokoan. Arcelorrek uztailean aurkeztu zuen lan erregulaziorako espedientea, eta orain arte ez dute espediente hori indarrean jarri. Enpresako arduradunek diotenez, erabakia nahitaez hartu behar izan dute, eskaera nabarmen jaitsi delako.

Momentuz, aldi baterako itxiera izango da, eta datorren urtearen hasieran berriro aztertuko dute egoera. Hortaz, lan-etenaldiak bi hilabete iraungo du. Guztira, neurriak 700 langilerengan izango du eragina, horietako 400 Sestaokoak.

Araban (Daewoo edo Mercedes Benz) eta Nafarroan (Volkswagen) ere mota honetako murrizketa entzutetsuak izan dira azkenaldi honetan.

Posteado por: ekonomiarenkz | septiembre 23, 2011

Lanbide eta enpresa zerbitzuak EAEn sortutako aberastasunaren %8,3 dira

Lanbide eta enpresa zerbitzuek 4.879 milioiko balio erantsi gordina sortu dute 2009an, eta haien okupazioa 119.616 enplegu ziren. Eustaten datuen arabera, zerbitzu hauen ekarpena Euskal Autonomi Erkidegoko balio erantsi gordinaren %8,3 eta enpleguaren %12,2 izan zen duela bi urte.

Gauzak horrela, alokairu-jarduerek sektorearen balio erantsi guztiaren %4,4 sortu zuten; enpresetarako zerbitzuen enpleguaren %2,9 dira.

Balio erantsiari dagokionez, kontrako muturrean enpleguarekin lotutako jardueren sektorea dago, sektoreko enpleguaren %7 eta balio erantsiaren %3,8, pertsonako balio erantsia 22.176 euro hain zuzen ere.

Enpresa zerbitzuen jarduerak

Zerbitzuen beste jarduerek 45.618 pertsona enplegatzen zituzten, hots, guztiaren %38,1. Sektore honen barruan lan-esku intentsibodun jarduerak daude, esaterako, segurtasuna, garbiketa, landare-zaintza edota dei-zentroak.

Sektore honek sortutako aberastasunaren %37,3 enpresa-soberakina izan zen eta gainerako %62,7 langile-kostuak. Ekitaldi-emaitza bolumen handienekoak, kopuru absolutuetan jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak izan dira, besteak beste. Kontrako muturrean, bolumen txikienak daude, enpleguarekin erlazionatutako jarduerak eta bidai agentziak, adibidez.

Posteado por: ekonomiarenkz | septiembre 16, 2011

Eusko Jaurlaritzak Udal Legea onartu du

Ekitaldi berriari hasiera eman bezain laster Eusko Jaurlaritzak Udal Legea onartu du, egindako lehenengo Gobernu-Bileran hain zuzen ere. Proiektu horrekin, udalen eskumenak eta finantziazioa zehaztu nahi dituzte.

Era berean, Patxi López lehendakaria ez ezik, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere batzarrean izan ziren.

Bizkaiko Aldundiak errekurrituko duela aitortu arren, lehendakariak gustura agertu da gainontzeko erakundeetako buruek Udal Legea onartu dutelako, dena dela, aspalditik behar zen legea dela azpimarratu du. Gauzak horrela, ardura eskatu die alderdi politikoeo Legebiltzarreko eztabaidan.

Egitasmoari begira, alderdi bi dira nagusienak, alde batetik, udalen eskumenak argitzen dituen pasartea, eta bestetik, finantziazioa ere zehazten duela.

BFAren erantzuna

Bizkaiko Aldundiak iragarri du Eusko Jaurlaritzak onartutako Udal Lege proiektuaren aurka helegitea aurkeztuko duela. Gobernu autonomikoaren eta foru erakundeen arteko eskunduntz gatazkak konpontzea helburu duen batzordean aurkeztuko du.

Bestalde, egungo antolaketarekin jarraitzearen alde egin du Juan Mari Aburtu Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak, “Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien finantziazioa ezartzen du, eta aldundiek udalena”.

Ostalaritza sektorea 2009an euskal ekonomiak sortutako aberastasunaren %4 izan zen, eta EAEko langile guztien %5,2 enplegatu zituen. Hots, balio erantsiaren 2.372 milioi sortu zituen, eta 51.324 pertsona enplegatu.

Jan-edanen zerbitzuak balio erantsiaren %85 izan ziren. Gainerako %15, ostatu-zerbitzuak.

Ostatu-zerbitzuetan, balio erantsiaren %77 hotelek ekarri zuten, eta %23 beste ostatuek.

Ostalaritzak sortutako balio erantsiaren 2.372 milioietatik %52,7, 1.250 milioi lan-faktorea saritzeko izan dira eta 1.122 milioi, %47,3 kapital faktorerako, Ustiapen Soberakin Gordina gisa.

Iturria: Eustat

Posteado por: ekonomiarenkz | julio 29, 2011

Elkarrizketa: Carlos Osés (II)

“Crédit Agricole taldearekin, aukera ezin hobea aurkitu dugu”

Crédit Agricole taldean integratuta zaudetela, BBVA edo Santander bankuekin lehiatu ahal izango zarete?

Bide bi daude; lehenengo eta behin, kontuan izan behar dugu Crédit Agricole nazioarte mailan lan egiten duen taldea dela, 70 herrialdetan baitago, eta bere tamaina BBVArena baino hiru aldiz handiagoa da; beraz, bermea ziurtatuta dago. Bigarrenik, nazioartean izango duen presentziak zerbitzu gehigarri batzuez hornituko ditu. Hortaz, bezeroak zainduago egongo dira, arreta handiagoarekin.

Bestalde, Ipar Kutxako langileen kasuan, zer eragin izango du bateratzeak? Murrizketaren bat izango da?

Murrizketen aldetik, baten bat egongo da; bi talde bildu ondoren, osagarriak izan arren, arlo batzuetan bat egiten dugu eta bikoizketa saihesteko egin behar dira. Bankoa eta Ipar Kutxa taldeen bulego sareak osagarriak direnez, ez da ezinbestekoa izango murrizketa ugari egitea.
Dena dela, bertan lan egiten duten beharginek ulertu egin dute eta aurre-akordioetara iritsi gara beraiekin, egingo diren prozedurak eztabaidatuta baitaude; kasu batzuetan, aurre-erretiroak ere hitzartu dira.

Zure aburuz, zeintzuk dira ateratzen dituzun ondorioak euskal kutxen (BBK, Kutxa eta Vital) arteko bateratze hotzari buruz?

Beti zintzilik dagoen fusioa dela esan genezake. Integrazio prozesua logikoa da, baina ez dakit erabilitako formula zuzena den edo ez; beraiek erabaki behar dute.

Gizartearen ikuspegitik, ezinbestekoa den zerbait bezala ikusten dugu bateratzea, tamainak, azken finean, eragina baitu, batez ere nazioarteko merkatuetara iristeko edota finantziazio iturriak dibertsifikatzeko. Hori guztia soilik lor dezakegu gutxiengo tamainarekin. Hala ere, uste dut oraindik hainbat hilabete iraungo duela tirabirak, behin betiko bateratzea gauzatu arte.

Posteado por: ekonomiarenkz | julio 26, 2011

Elkarrizketa: Carlos Osés (I)

Carlos Osés
Ipar Kutxako zuzendari nagusia

“EAEn bulego gehien izango dituen seigarren entitatea izango gara”

Euskal Herriko egitura finantzarioa pixkanaka aldatzen ari da; horren adibidea da bai EAEn bai Estatuan burututako hainbat aurrezki kutxen arteko bateratzea. Horien artean, Ipar Kutxako fusioa izan da azkenetarikoa, Crédit Agricole talde frantsesaren Bankoarekin batera. Kudeaketa honen nondik norakoak ezagutzeko, Ipar Kutxako zuzendari nagusiarekin, Carlos Osésekin, harremanetan jarri gara

Bankoaren eta Ipar Kutxaren bateratzeari dagokionez, azalduko zeniguke zeintzuk diren fusio honen arrazoiak?

Mundua aldatzen edo eraldatzen den heinean, geu ere aldatu behar gara, eta gizartearekin batera aurrera egin. Gure beharra ez da soilik erakundeen, bezeroen eta bazkideen etorkizuna bermatzea; epe luzerako alternatibak eta bide berriak ere aurkitu behar ditugu. Ildo horien artean, proiektu enpresarialarekin jarraitzea dago; hortaz, Crédit Agricole taldearekin aukera ezin hobea aurkitu dugu; biok kreditu kooperatibaren eredua dugu, eta gure oinarria nekazaritza-elikadura sektorea da.

Kutxaren egoera berriak oztoporen bat izan dezake; kasu honetan, zein izango litzateke bateratzearen desabantaila nagusiak? Eta bere abantailak?

Alde batetik, desabantailen artean autonomiaren zati bat lagatzea aipatuko nuke; dena den, oreka egongo da entitate bien artean, batez ere eginkizunen banaketari dagokionez. Horrek bideragarritasuna bermatuko du etorkizunean, likideziaren esparruan, esaterako.

Bestalde, abantailen kasuan, entitatearen emaitza handiagoa eta indartsuagoa izango da; bateratzearen ondorioz, EAEn bulego gehien izango dituen seigarren entitatea izango gara, eta, gainera, Crédite Agricole taldearen finkapena ere kontuan hartzekoa da.

Aurrezki kutxan izandako aldaketekin jarraituz, zein izango da hemendik aurrera Crédit Agricole taldearekin izango duzuen harremana? Erabakietan autonomia izaten jarraituko duzue?

Hitzarmenean adostu dugun bezala, entitate bakoitzak bere banku-negozioaren  %50 eskaintzen du. Alde batetik, Crédit Agricole taldeak, bermea eta estaldura eskaini ez ezik, funtzio banaketan ere parte hartuko du; bestalde, Ipar Kutxaren kasuan, gure taldeak eguneroko zuzendaritza eta kudeaketa lana gauzatuko du, murgilduta gauden proiektuekin jarraitzeko, baina, orain, beste taldearekin bateratuta.

Erabakiei dagokienez, argi dago autonomia izaten jarraituko dugula, bazkide bien akordioa beharrezkoa izan arren.

Posteado por: ekonomiarenkz | julio 19, 2011

The Ten Million Project, Gipuzkoako egitasmorik berritzaileena

The Ten million project, Gipuzkoarentzat egitasmo berritzailerik hoberena aukeratu eta berrikuntza bultzatzeko sortutako ekimena. Gizartearen esparru guztietan pentsamolde berritzailea sustatzeko bide bat. Gipuzkoa hobe bat eraikitzeko asmoarekin, 10 milioi euroko balioa duten ideiak azaleratu eta aurrera eramateko aukera ezin hobea dela diote sortzaileek.

Ekimen honek bilatzen duen proiektua, Gipuzkoa berrikuntzaren planoan kokatuko duen egitasmoa da, zeinak berarekin erlazioa, zuzena nahiz zeharkakoa, duten bestelako proiektuak eta ekintzak bultzatuko dituen eta ondoren aurkezten diren ezaugarriak dituen.

Berritzailea, sinesgarria eta eraginkorra

Proiektuak berritzailea behar du izan eta gizarteari balioa eskaintzeaz gain, ikusmira berri bat eskaini behar dio, ate berri bat ireki.

Bestalde, proiektuak, hipotesi sendoetan oinarritutako negozio plan sinesgarri bat izan behar du atzean. Eraginkortasunari dagokionez, Gipuzkoako gizartearen kohesioa, ongizatea eta oreka areagotzen lagundu behar du.

Lanpostu berrien, aberastasunaren eta ezagutzaren sorrera bultzatu behar du Gipuzkoako lurraldean. Era berean, bere inguruan, zeharkako eta azpikontratatutako jarduerak sortu beharko ditu.

Oro har, jasangarria den egitasmoa bat izan behar da, bai sostengarria bai ingurugiroarekiko errespetua zainduz.

Hego Euskal Herrian 186.114 langabe zeuden ekainean; hortaz, langabeziak behera egin du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Zehazki, 5.005 langabe gutxiago daude. Iazko ekaineko datuekin alderatuta, ordea, langabezia ez da jaitsi, orduan baino 18.832 langabe gehiago baitaude aurten.

Lurraldeka, maiatzetik ekainera Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia, %3,18; 1.363 langabe gutxiago daude, baina Bizkaian 2.231 langabe gutxiago zeuden ekainean, %2,68. Araban, berriz, %1,53.

Iaztik, berriz, Bizkaian igo da gehien, probintzia horretan urtebetean 11.806 langabe gehiago baitaude, iaz baino %17,04 gehiago. Guztira, 81.098 langabe daude probintzia horretan. Araban, %13,41 igo da langabezia iaztik, eta Gipuzkoan, %9,68. Nafarroan igo da gutxien langabezia urtebetean, %1,91.

Estatuari dagokionez

Langabezia hirugarren hilabetez jarraian jaitsi da Espainian, hain zuzen ere, langabezia-tasa %1,62 jaitsi da maiatzetik ekainera. Guztira, 4.121.801 langabe daude Estatuan.

Langabezia igo den sektore bakarra nekazaritza da, eta jaitsierarik handiena zerbitzuetan, eraikuntzan eta industrian izan da.

Etxebizitzaren egoera

Langabeziarekin lotuta dagoen gaia etxebizitzarena da; etxebizitza berrien prezioa %2,2 merkatu da aurtengo lehenengo sei hilabeteetan, eta %4,9, berriz, urtebetean.

Gasteizen jaitsi zen gehien etxebizitzen prezioa; lehenengo seihilekoan %3,8, hain zuzen ere, eta urtebetean, %9,2. Donostian %1,8 egin zuen behera prezioak, eta Bilbon, %1,7.

Donostiak jarraitzen du izaten hiri garestiena, metro koadroko batez beste 3.165 euro ordainduta. Bilbon 2.885 euro balio du batez beste metro koadroak, eta Gasteizen, 2.344.

Krisialdi ekonomiko eta finantzarioaren eragina latza izaten ari da Europan, eta batez ere Euroguneak jasan izan du kolperik nabariena. Gaur egun arte Europan finko mantentzen ziren herrialde asko ahuldu egin dira; horien artean, Grezia, Portugal eta Irlanda izan dira kasurik entzutetsuenak, eta hirurek Europar Batasuneko (EB) diru-laguntza jaso dute azken urtean.

Espainiaren kasua antzekoa da, baina momentuz ez du diru eskaerarik egin, eta egitekotan, ez da segurua jasoko duenik, hori adierazi du, behintzat, Financial Times argitalpen ingelesak: “Espainia ere erortzekotan, eta erreskatea edo mailegua eskatzekotan, Euroguneko herrialdeak kolokan jarriko lirateke”, ekonomiaren inguruko euskarriaren arabera.

Aipatutako hiru herrialdeek laguntza jaso ondoren, beste lurralde batzuk erreskateak egiteari utzi nahi diotela adierazi dute, Finlandiak, adibidez. Dirudienez, hasiera batean elkartasunaren eta laguntzaren paradigma zenak (Europar Batasuna) barneko arazoak sortu ditu.

Immigrazioaren gorakada

Arlo ekonomikoa ez da izan Europako gatazkarako aitzakia bakarra, izan ere, immigrazioak ere paper garrantzitsua hartu du azkenaldi honetan. Schengen ituna izeneko hitzarmena eztabaidatu dute EBko ordezkariek; neurri horrekin, lurralde bakoitzeko mugak zehaztea eta immigranteen sarrera kontrolatzea eskatzen da. Nicolas Sarkozy presidente frantziarra eta Italiako lehen ministro Silvio Berlusconi izan dira hitzarmenaren sortzaileak, edo, behintzat, beraiek eman dituzte lehenengo urratsak.

Horrek guztiak ez du harrera ona izan talde edo alderdi batzuetan, “EBren politikaren eta etikaren kontra doalako”. Izan ere, hemezortzi Estatu inguruk Schengengo itunaren inguruko pasarte ugari azaldu edo argitu gabe daudela kritikatu dute. Era berean, Espainiak, Belgikak eta Maltak erreformarekin bat egiten ez dutela adierazi dute, baina aurrera ateratzekotan, argi utzi dute ez direla aurka azalduko.

Laburbilduz, itun berriaren xedea Estatuen arteko zirkulazio librea bertan behera uztea da, mugak bikoiztuz eta kontrolak hedatuz.

Entradas antiguas »

Categorías

Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.